Hizkera fonetikoa



Batez ere lagunartean, bizkor hitz egiten dugunean, hiztunok hitzak murduskatu eta hotsak “jaten” ditugu; ondorioz, kontrakzioak sortzen dira. Hizkera laxo hori berezkoa dute euskararen aldaera guztiek ahozko jardunean.

Esan daiteke kontrakzio gehienak, funtsean, “lege” orokor honetara biltzen direla: bokal artean agertzen direnean, B, D, G eta R hotsak desagertu egiten dira sarri, bai hitz barruan (akatu, aio, nausi, hoiek), bai azentu-unitate bakarreko hitz multzoetan ere (esateiot, hartzazu, naibazu, berkoizkiat).

Laburtzapenekin batera, badira beste hainbat fenomeno fonetiko ahozko euskaran maiz erabiltzen direnak. Adibidez, euskalkietan oso zabalduta dago EA eta OA letra pareak IA eta UA ahoskatzea.

Jijaua erabiltzean, fenomeno fonetikook, esan ez ezik, idazten ere ahal dira. Proiektu honetan, euskalkietako fonetismo komunenak bildu ditugu, eta sistematizatzen saiatu, hiztegiko adibide batzuetan erabiltzeko, betiere euskara batua oinarri hartuta. Horretarako, bost ahoskuntza-geruza zehaztu ditugu (0-4). Hala, hizkera formaletik informalerako progresioan, geruzak gehituz doaz, goranzko norabidean, eta ahozko ezaugarriak progresiboki aplikatzen dira.

Kontuan izan ezen geruzak gehitu ahala, erregistro neutrotik urruntzen garen neurrian, informalago eta laxoago bilakatzen dela hizkera, fonetikoago. Hortaz, gero eta anbiguotasun handiagoa sortzen da, hizkera opakoagoa, eta nabarmen areagotzen gira gaizki-ulertuak gertatzeko aukerak.


Ahoskuntza-geruzak

0. Gaurko euskara batu estandarraren ahoskera. Hotsak oro har idatzi bezala ebakitzen dira, salbuespen batzuekin (ikus Euskaltzaindiaren EBAZ sistema).

1. R, D eta G letren galerak eragindako kontrakzioak.

2. H letra desagertzea bokalen artean. Geruza hau hasperenik gabeko hizkeretan aplikatzen da, eta fenomeno hauek sor ditzake:

a) Lehen bokala irekia eta bigarrena itxia izanez gero, beheranzko diptongoak sortzea (ai, ei, oi, au, eu, ui).
b) Bi bokalek, berdinak badira, bat egitea (zar, len, mi).

3. Letra-galera gehiago. Geruza honetan anbiguotasuna areagotzen da, eta ulertzeko zaila izan daiteke hizketa molde horretara ohituta ez dagoenarentzat.

4. EA eta OA bokal pareak IA eta UA bilakatzea. Goiko lau geruzei aplika dakieke.


Hona geruzen aplikazioaren adibide bat. Behean, euskara batuan idatzitako esaldi bat duzu (0. geruzan). Haren azpiko kontrol-lauki zenbakidunen bidez, beste lau geruzak aplikatu ahalko dituzu. 4. geruza beste lauekin konbinazioan erabil daiteke; baina gogoratu, 4.a desaktibatu behar duzu aurreko hiruren artean aldatzeko. Egizu aproba!

Hilaren hemeretzian, joan behar dugu suhi zaharrari bisita egitera Markinara.

1. geruza

2. geruza

3. geruza

4. geruza