Jijauaren aurkezpena

 

Hizkera kolokial batu autonomo bat sustatzea, euskaldun guztientzat balioko duena: horra Jijaua proiektuaren xedea. Horrenbestez, nazio-mailako ekimena da eta, ondorioz, antieuskañolista. Izan ere, ahalik eta gehien arindu nahi dugu espainolak euskarazko jardun informalean duen zama, kaltegarria deritzogulako EH osoko euskaldunen batasunerako, bai eta euskararen biziraupenerako ere.

 

Ez dago esan beharrik zer egoera penagarrian dagoen hizkera kolokiala gaurko euskaldunon ahotan, izan euskaldun zahar zein berri. Euskararen higadura ahozko erabileratik ari da gogorren gaur egun: lagunarteko erregistroetatik, irainetatik, biraoetatik… Ia-ia esan daiteke praktikan ez dugula horrelakorik gure egungo hizkuntzan. Baina baditugu, eta asko. Zoritxarrez, transmisioak eta zabalkundeak huts egiten dute, erdaren mesedetan.

Bestalde, euskara batuak, hizkuntza idatzi kultua izateko pentsatu zenez, ez ditu jaso ahozko euskararen berezitasun asko, dela lexikoan, ahoskeran edo sintaxian.

Hutsune hori betetzeko asmoz dator, beraz, Jijaua, lagunarteko euskara batua.

Langai ditugun materialak webgunean biltzen ari gara, eta orain zure esku jartzen ditugu, ikus dezazun zein aberatsa den gure hizkera kolokiala, ahoa bete dezazun hitz gordin eta zantarrez, juramentuz, irainez, espresio biziz eta metafora barregarriz. Betiere euskaraz.

Jijaua hiztegia

Webgunearen atal nagusian Jijaua hiztegia paratu dugu. Une honetan, 1000 sarrera dauzka, baina handituz doa etengabe, eta datozen bi urteetan kopuru hori bikoizteko asmoa dugu.

Hiztegia arakatzeko, aurkibidera joan eta letraz letra aztertzeko aukera dago. Bestela, ohiko bilaketa-laukia erabili daiteke. Idatz ezazu aurkitu nahi duzun kontzeptu orokorra (hitzen definizioetan agertzen dena: haserre, haurdun, parranda…), lagunarteko forma (alu, jantxakur, kakitzat…) edo haren erdarazko baliokidea (ingelesez, espainolez edo frantsesez), eta, hiztegian baldin badago, emaitzetan agertuko da.

Egin aproba. Joan webgunera eta sar itzazu hitz hauek beheko laukian: zoro, sexu, kaka, ipurdi, mala hostia, fucking.


Widget not in any sidebars

Erdarazko baliokideei buruzko ohar bat: sarrera batzuetan falta dira, dela oraindik ez ditugulako gehitu, dela ordainik ez dagoelako beste hizkuntzetako behe-erregistroetan, dela guk ezagutzen edo aurkitu ez dugulako (ingelesezko eta batez ere frantsesezko ezagutza mugatu samarra dugu). Beraz, bihotzez estimatuko dugu edozein ekarpen eta zuzenketa.

Hizkera fonetikoa eta beste

Baina Jijaua ez da hiztegia bakarrik; hizkera osoari deritzogu hola. Eta, kolokialtasunaren funtsezko elementua den aldetik, garrantzi berezia ematen diogu alderdi fonetikoari, hiztegiko adibide askotan ikus daitekeenez. Hala, sistema bat sortu dugu ahoskera hainbat kolokialtasun-mailatan sailkatzeko. Hemen aurkituko dituzu horri buruzko azalpena eta adibide praktiko bat.

Webguneak beste zenbait atal eta bereizgarri ditu, hala nola hitano murriztua, esaerak, zunkak, hirugarrenen materialak… Batzuk zirriborroak besterik ez dira, eta osatuz joango gara gutxika-gutxika. Bien bitartean, animatzen zaitugu gunea bisitatzera eta edukietan nabigatzera.

Amaitzeko, ekarpenik, eskaerarik, zuzenketarik egin nahi baduzu, edo beste gabe iritzia edo aholku bat eman, jar zaitez kontaktuan gurekin formulario honen bidez.

Twitterren ere bagauzkazu, @desigualekohitz kontuan, non aurkituko dituzun gure azken eguneraketak.

Gure proiektua ahalik eta gehien zabaldu nahi dugu, zabalkundeak ematen baitio bizitza hizkuntzari.

Beraz, parte hartu!

JIJAUA
Kaka osti bat hiretzat!

0 iruzkin “Jijauaren aurkezpena” sarreran

1 Pingak/Trackbackak "Jijauaren aurkezpena" sarrerarako

  1. […] Horrekin batera, webeko bloga estreinatu du, proiektuaren nondik norakoak azaltzen dituen sarrera batekin. Oraingoan, zuzeu.eus-era aldatzen dugu argitalpen hori, euskaltzaleok ekimenaren berri […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude