Zer da jijaua?

Gazte-jendeek, zantzailek, txarraposoek, zomorroiek, señoritek, kultosek, apartiarrek, zopatsuek, murtxileroek, sarrail-hausleek, txakalakortako maizterrek… horiek guztiek dute hitz egiteko era propio bat, besteengandik bereizten dituena, kleitu ematen diena. Bazterreko jende-modu horiek bezala, gainerakook ere badaukagu berba informal eta gordinen errepertorio mardula gauzak era adierazkor, zatar edo iraingarrian adierazteko. Behe-mailako mintzamolde horri “argot”, “jerga” edo “slang” esan ohi zaio erdaretan.

Euskaraz ere badago lagunarteko hizkera, jakina. Hizkuntzaren egoera ahul eta diglosikoaren erruz, ordea, hitz kolokial eta zantar asko urardotuz joan zaizkigu, indar espresiboa galdu arte, edo ahaztuta geratu dira liburu-hiztegietan, edo sakabanatuta daude euskalki eta tokiko hizkeretan. Ondorioz, euskara estandarrak ezin izan du sortu lagunarteko erregistrorik. Gainera, erdal hedabide ahaltsuek eta kultur industria erraldoiak atergabe bonbardatzen gaituzte beren hizkera kolokialaz, eta hala, euskaldunok jerga espainol eta frantsesaz baliatzen gara normalean. Hori dela medio, aho betean ibiltzen ditugu honelakoak: eskakeatu, flipatu, ¡joder!, ligatu, korritu, kutrea, subidoia… eta ehunka gehiago!

Euskara kolokial estandarraren hutsunea betetzen laguntzera iritsi da jijaua: lagunarteko euskara batua.

Jijauaren hiru hankak

1. Hiztegia

Jijaua izenak erreferentzia egiten dio hizketamolde bati, bere osoan, baina baita ere honen elementu nagusia den hiztegiari. Web honen helburu nagusia, hain zuzen, jijaua hiztegia biltzea eta zabaltzea da.

2. Hizkera fonetikoa

Azpimarratzeko moduko beste ezaugarri bat, eta horretan Jijaua klarki bereizten da euskara batu estandarretik, hizkera fonetikoa (kontrakzioak eta) erabiltzeko aukera da, ahoz zein idatziz, kolokialtasun mailaren arabera gehiago edo gutxiago urrunduz erregistro araututik.

3. Hitanoa

Hitanoa da lagunarteko euskararen ezaugarri garrantzitsuenetako bat. Dena den, euskaldun askok ez dute ezagutzen edo erabiltzen, eta horregatik eztabada ere erabili daiteke hizkera informalean. Erdibide moduan, hitano murriztua deritzona ere erabili ahal izango da jijauaz aritzean.


Kontuan izan ez dagoela zertan hiru hanka horiek batera erabili. Banaka hartuta ere kolokialtasunez zipriztintzen dute solasa. Hori bai, esan daiteke hirurak konbinatuz gero jijau betean dihardugula. Hiztegiko adibideetan aukera guztiak ikusiko dituzue, banaka, binaka zein hirurak batera.