Artikulu honetan, kaka hitzaren idatzizko erabilera historikoari erreparatuko diogu. Euskara batuaren aurreko denboretan, berba hori herri-literaturan erabili izan da beti. Ez, ordea, haur-hizkerako termino gisa. Aitzitik, kutsu zakar samarra izan du orokorrean, eta badu gaur egun ere, nahiz eta hitzaren infantilizazio prozesua aurrera doan.
Eta kaka agertu zen
Kaka euskarazko hitz petoa dugu, eta zahar-zaharra. 1562koak ditugu haren lehen agerpen ezagunak, Nicolao Landuccio italiar idazlearen Dictionarium Linguae Cantabricae hiztegikoak:
cagar = caca eguin
cagajon = mocordoa, caquea
auer gana de cagar = cacacurr nax
merda = caquea
merdoso = cacasçua
Hogei urte geroago, 1582an, berriro azaldu zen euskal berba hori, oraingoan bere gaztelaniazko homonimoarekin alderatuta, Francisco de Miranda Villafañe espainolaren obra honetan: Dialogos de la Phantastica Philosophia, de los tres en un Compuesto, y de las Letras, y Armas, y del Honor, donde se contienen varios y apazibles subjectos.
…estos mismos niños quando quieren hazer evacuacion, dizen caca, que assi llaman al estiercol del hõbre (30v or.)
Testua ondo ulertu badugu, ume espainolek sabela hustu nahi dutenean darabilten hitza, caca, euskaratik dator, horrelaxe esaten baitiote euskaldunek jeneralean giza gorotzari.
Handik ia berrehun urtera, Manuel Larramendi jesuitak, bere Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latin delakoan (1745), caca, excremento zein mierda, hirurak, kaka hitzaren bidez eman zituen euskaraz. Hiztegiak badakartza halaber jakonda bitxia izenerako ere eta jakondu eta zilatu aditzerako.
Caca , viene de el Bascuence cacá.
Cagar, caqueguin, cillatu, jacondu.
Excremento, cacá, jacondá.
Mierda, cacá.
Ikusten dugunez, caca gaztelaniazkoa euskaratik datorrela diosku hiztegigileak. Izan ere, Larramendik erdal hitzen jatorria euskarazkoei eratxikitzeko afizioa du, eta kasu honetan, gainera, aipatutako Miranda Villafañeren “autoritatea” berme. Dena dela, Corominasi jarraituz, gaztelaniazko caca lehenago agertu zen idatziz (Bartolomé Torres Naharroren Propalladia bilduman, 1517), eta beraz baliteke justu alderantziz izatea kontua (eta horixe dio ingelesezko Wictionaryk).
Esanak esan, hitz internazionala dugu kaka, mundu osora hedatua *kakka- erro protoindoeuroparretik eta, alde grafikoak gorabehera, hainbat hizkuntzatan aurki daitekeena, besteak beste hauetan: albaniera, armeniera, estoniera, finlandiera, letoniera, litunaniera, errusiera, mazedoniera, serbokroaziera, irlandera, bretoiera, galesa, grekoa, hungariera, paxtunera, arabiera, italiera, frantsesa, galegoa, katalana, errumaniera eta ingelesa.
Aipagarria da nola, umeen berbetako hitzak izanik, goiko horien guztien ustezko iturburua, latinezko cacāre aditza (ez baitago dokumentaturik *cacca izenik), arrunkeria den, eta halakoxeak dira latinezkotik beste hizkuntzetan sortutako aditzak ere: cagar, chier… Beraz, badirudi erro beretiko hitzak bi erregistro diferente eta itxuraz kontrariotan hedatu direla: hizkera bulgarra eta haur-hizkera.
Kaka literaturan
XX. mendearen aurretik
XVIII. mendetik hasita, euskarazko testuetan ere aurki daiteke gaur hizpide dugun hitza: idazki herrikoietan eta, sarri, preseski umeentzat ez diren obretan, hala nola asto-lasterretan eta bertso berrietan. Etapa honetako agerraldietan, kaka hitz zakartxoa da, inoiz ez haur-hizkerakoa. Hona hemen hainbat generotako adibideak (esanahi aldetik, bai zentzu literalean, bai irain edo birao gisa darabilte hitza):
- Asto-lasterra
Boubane eta Chillo berde (XVIII. mendea)
Satan, egoiten ahal cira
çaflatu gabe mithiliq,
nahi ezpacira baratu
çaragoillaq khakaz betheriq.
- Pastorala
Sainta Catherina (1839)
Eztuca icousten, miserablia
ene cantian caca barbau bat içala
Igaraiten baniçaiq biscariala
leherturen ait elcho bat beçala.
- Bertsoak
Udarregi bertsolaria (XIX. mendea. Auspoa 56)
—Boticario sin botica,
¿qué demonio significa?
“Kaka zutzat” esan zian,
onra aundi bat eman zian,
baztarrak orduan galdu zian!
¡Or konpon! (Vitoriano Iraola: Kontuchoak, 1886)
Eta azkenez egiten badit iñork farrikan
esango diyot: sartuko alaiz kaka barrikan.
Bertso berri batzubek nai nituzke kanta (1894 aurrekoa)
-
- Bertso berri batzubek
nai nituzke kanta,
gustatzen zaionikan
iñor baldiñ bada;
istoriya guziya
izango da kaka,
nola egin biar degun
guziyak banaka. - Naiz aberatsa izan,
igual dala pobre,
kaka egiñ bearko degu
egoteko libre;
medikuak daduka
sentenziya emana:
ilko dala bertatik
kaka eit’eztubena. - Kaballero aundi (y) oik
eziñ dute egiñ,
egiten dena ere
gutxi eta ziriñ;
jan beza bildur gabe
artua ta babia,
ordun egingo dute
mokordo lodia. - Baserri baten onduan
mokordo bat nuan ikusi,
luzian bazituben
zazpi arra t’erdi;
uraxen mokordua
guztiz atsegiña,
luzia ta loriya,
gustora egiña. - Ipurtxulua itxirik
amar egunian,
zezenak izan ziran
iriki zanian;
salto ta brinko zebiltzan
kuarto barrenian,
ikusi zutelako
kaka oriñalian.
- Bertso berri batzubek
- Ipuina
Jupiter (Wentworth Webster: Basque Legends, 1877)
Galde bera eguiten diote hek ere jainkoari.
—Zuek galdeguiten dazquidatzuenak emanac ditut.
—Zer eguinen dugu beraz?
—Paciencia, hura ere emana dut aphezey eta fraidey.
—Caca beraz guretzat Jauna.
—Emana zaitzue Jaunak caca.
Orduz gueroz ikhusten dire chapeldunak aisian aphezak eta fraideak paciencian eta bonnet dun labo[ra]ri gaichoa cacaren erdian.
XX. mendea: batuaren aurreko aroa
Azkueren 1905ko hiztegian lehen aldiz aurkitu dugu kaka hitza haur-hizkerakotzat hartuta:
1. voz infantil que significa toda cosa sucia o fea o desabrida o perjudicial y principalmente el excremento.
2. escremento; caca, excrément, matiére fécale. La palabra propia es GOROTZ; pero se usa hoy más la voz infantil KAKA, sobre todo hablando del excremento humano.
Beraz, Azkueren arabera, lehenik infantila izandako kaka, momenturen batean, helduen erregistrora igaro zen. Horrenbestez, hizkuntza indoeuroparretan ikusi dugun moduko bilakaera gertatu zen euskaraz ere? Testu zaharretako testigantzek behintzat ez dute holakorik erakusten.
Izan ere, euskara batuaren aurreko aro osoan, kasu bakar batean ikusi dugu kaka umeen erregistroan erabilita (“lohi”, “zikinkeria” zentzuan):
¡Apa, laztanchu! (Paulo Zamarripa, 1917)
Chacha ori bota, kaka dauka ta;
chachi egingo nik ostean.
[chacha = sagarra; chachi = jo]
Kontuan hartu behar da Azkueren kolaboratzaile izan omen zela Zamarripa, eta ziurrenik eredu eta iturri zuzena izango zuela haren hiztegia. Azkueren hiztegiko lehen adieran darabilela hor Zamarripak kaka hitza, hau da, zikintasun esanahiarekin. Zentzu horrekin, ez dugu beste inon topatu orduko literaturan. Baina gorotz esanahiari gagozkiola, honela definitu zuen hitza bere 1930eko Vocabulario Vasco-Castellano hiztegian Zamarripak berak:
Mierda. Como eufemismo se dice loi.
Nekez izan zitekeen umeekin erabiltzeko berba, beraz.
Guztiarekin, salbuespena hori Aipatutako salbuespena kenduta, bada, kaka ez zuen beste inork erabili haur-hitz moduan, ez Azkueren hiztegiaren aurretik ez ostean, baina ezta lehen Euskaltzainburuak berak ere:
Latsibi (R. M. Azkue, XX. mendearen lehen erdia)
—Julian, zer egiteko ustea darabiltzue? —itandu eutsan Labartori.
—Kaka-mokor… zar bana —erantzun eutsen Labartok.
Batzuetan, gainera, zentsuratuta azaldu izan da zenbaiten idazkietan:
Garoa (Domingo Agirre, 1912 )
Nai detan bezela itz egingo diat. K… egiten diat nik iri.
“Ezpeletako plazan” (Gure Herria, 1921)
Gizon apho tchar batek
bilatu zautan disputa ;
nere maitearekin behar zuela dantzatu.
Nik ezetz.
Hark baietz.
Jo ninduen burdinatcho batez kolpe
Nik hura behi K. K. z bethe…
Aphoaren arima !
Gelditu nintzan odoltsu,
bainan hura ere kakatsu !
“Apendizitis eta urdail zulatzea” (Pablo Fermin Irigarai “Larreko”, 1958)
Dela k… pikor tipi bat, dela azi edo zizari, guti aski bidea esteko.
Aprika-ko basamortua (Agustin Anabitarte, 1961)
Basamortuko jendea bear aundian bizi da, esan degunez, k’k’ jan eta k’k’ lan.
Jakina, euskal idazleek askoz gehiagotan idatziko zuten hitza bere letra guztiekin, baina beti behe-mailako erregistroaren barruan.
Gaur egungo erabilera idatzia
Gaurko euskara batuan erabilera historikoari heltzen zaio, hau da, behe-mailako erregistroari. Zientoka adibide aurki daitezke, eta ez gara luzatuko. Interesa duenak Egungo Euskararen Hiztegian kontsulta ditzake kaka sarrerako adiera eta adibide ugariak.
Hori esanda, onartu behar da hitzak azkenean bereganatu duela, neurri batean behintzat, historikoki izan ez duen esparrua, haur-hizkerarena alegia, non eta haur-literaturaren generoan. Umeentzako liburuetan, caca, popo, poo(p)… euskaraz emateko, besterik ezean, kaka izaten da itzultzaileen eta idazleen hautua gaur egun.
Aukera linguistiko horren kontra egin gabe, aprobetxatuko dugu pare bat alternatiba bat mahai gainean jartzeko. Azkueren hiztegian bertan, caca haur-hizkerakoak badu euskarazko baliokide beterik:
tata = excremento [hiztegiaren gehigarrian jasoa]
ttatta = inmundicia, ordure. Dimin. de KAKA. (Voc. puer.)
Eta, amaitzeko, eufemismo bat, hau ere Azkueren hiztegiaren gehigarrikoa:
behartxo = eufemismo de caca
Ez dakigu inork ezagutuko dituen egun, baina hor daude, erabili nahi dituenarentzat.
Hurrengo artikuluan hitz jator honen ahozko erabileraz jardungo dugu.
JIJAUA
Kaka osti bat hiretzat!
0 iruzkin “Kakaren historian barrena (I)” sarreran
2 Pingak/Trackbackak "Kakaren historian barrena (I)" sarrerarako
[…] Aurreko artikuluan hizpide izan dugu kaka hitzak euskara batua sortu aurreko aroan izandako idatzizko ibilbidea, lehen agerpenetatik hasi eta XX. mendera arte. Oraingoan, berriz, hitz horren ahozko erabileraren adibideak bildu ditugu. […]
[…] Kakaren historian barrena I artikuluan erakutsi genuen idatzizko euskaran kaka, gorotzaren sinonimo gisa, ez dela inoiz izan haur-hizkerako berba, oraintsu arte behintzat. Izan ere, preseski umeentzat ez ziren testuetan erabili izan da: pastoralak, asto-lasterrak, bertsoak… […]