Kaka behe-mailako hitza dugu. Gorotzari aplikatuta, erdarazko “caca” ez bezala, ez da haur-hizkerakoa, ezta eufemismoa ere. Beste erabileretan, gogortasun maila aldakorra du. Bestalde, irain eta esapide zantarrak sortzeko aproposa izateaz gainera, funtsezko elementua dugu erregistro kolokialean, artikulu honetan ikusiko dugunez.
kaka Kaka gogor gorotz egin ezin asto hots alu arraio jo astindu kontra on Larri Jo mokordo
Euskeraz, gaur egun, ez da kaka tabu gogor bat, kanta herrikoietan lotsarik gabe erabiltzen da ta (kaka zuretzako, kaka niretzako…) baina lehen ba dirudi halaxe izan zela. Azkuek dioenetik kaka hitza bera haurren hizketaren hitz bat da, eta agian lehen edozeini korotz edo gorotz esan zitzaikeon, baina eufemismoz edo biguntasunez, pertsonenari kaka.
Xabier Kintana (Linguistika orain arte, 1971)
Larri banago, hori bai, edozein sendagile onartzen dut… salbu nire gaitza urdailekoa edo hesteetakoa bada. Orduan ez, orduan ezta lehertzeko zorian banago ere ez dut euskaraz ez dakien sendagilerik onartzen. (…) Gertatzen dena da alor horri dagozkion hitzek sekulako kiratsa dutela gazteleraz, eta erregistro egokia aurkitu ezinda ibiltzen naiz beti. Euskaraz, aldiz, nire sena ez bada guztiz usteldu behintzat, inguruan inolako usainik zabaldu gabe esan litezke, lasai asko gainera, honelakoak:
-
- Hara, hiru egun badira kakarik egin ez dudala, eta…
- Azken aldian kaka lehor samar egiten dut, eta…
Joxerra Garzia (Jendaurrean hizlari, 2008)
Kaka esplikatzen
Esan behar dugu, apaltasun osoz, koxka bat baino gehiago ikusten diegula euskararen bi langile nekagaitz horiek goiko aipuotan esandakoei.
Kakaren historian barrena I artikuluan erakutsi genuen idatzizko euskaran kaka, gorotzaren sinonimo gisa, ez dela inoiz izan haur-hizkerako berba, oraintsu arte behintzat. Izan ere, preseski umeentzat ez ziren testuetan erabili izan da: pastoralak, asto-lasterrak, bertsoak…
Kakaren historian barrena II izenekoan, berriz, ikusi genuen kaka oso presente dagoela XX. mendeko ahozko literatura herrikoian (atsotitzak, abestiak, igarkizunak…), baina ez zela horratik edozeinen aurrean erabiltzeko moduko hitza, are gutxiago medikuarenean. Horrexegatik dauzka, hain zuzen ere, hamaika eufemismo; hortaz, ezin da esan era eufemistikoan baliatu denik.
Gauza batean ados gaude Kintanarekin eta Garziarekin: kaka ez da mierda/merda bezain gogorra. Baina ez da inondik inora neutroa. Hala, Euskaltzaindiaren hiztegian beh. marka du, hots, behe-mailako erregistroaren etiketa.
Horiek horrela, egin dezagun pare bat zehaztapen.
Batetik, horrelako hitz bat erabiltzeko orduan, kontuan hartu behar dira lekua, testuingurua, solaskidearekiko harreman mota, tonua eta abar, horiek determinatuko baitute hitzaren gogortasuna. Kontu erlatiboa da, beraz.
Bestetik, esanahi literalaz aparte, kaka hitzak beste erabilera batzuk ditu, eta horietako batzuk gogor samarrak dira.
Biraoak. Nafarroan bilduak obran, P. Salaberrik eta J. J. Zubirik zakartasunaren araberako sailkapen bat proposatzen dute liburuan bildutako hitzetarako, izar batetik lau izarrera bitartekoa, herrietako erabilera errealean oinarrituta. Hala, bildumako hitz bigunenek izar bat dute eta gogorrenek lau. Bada, sailkapen horretan, kaka hitzak, haserrea adierazteko erabiltzen denean, izar bat du Luzaiden eta bi Goizuetan; irain hitz gisa (‘ezdeusa’ esanahiarekin), berriz, Luzaiden hiru izar ditu. Hiru izarreko hitz bat ezin da izan hain biguna, ezta?
Liburu horretan kaka hitzaz eratutako esapideen artean, hauek nabarmendu nahi ditugu (adi herri bakoitzean duten zakartasun-puntuazioari):
- kakitzat, kaka hiretzat Leitza */**, Etxaleku **, Ituren **
- kaka egizak Ituren *, Goizueta **
- kaka alu bat hiretzat Goizueta **, Leitza **
- kaka zaharra hiretzat Goizueta **
- kaka arraio Leitza ***
- kaka hiretako Luzaide ***
- kaka ostia bat hiretzat Goizueta ***
- kakala, kakala hire Luzaide ***
Kakaren balio espresiboa
Izan ere, esapideetan dago hitz berezi honen indarra eta aberastasuna, eta horien bidez egiten dio ekarpenik baliotsuena euskarari. Ugariak baitira kaka oinarri hartuta sortutako deribatuak eta behe-mailako esapide eta espresio idiomatikoak, ume bati entzun nahiko ez genizkiokeen modukoak. Hainbat eta hainbat jaso ditugu webgunean, eta horien lagin adierazgarri bat eskaintzen dizugu jarraian (sagua edo hatza pasatu azpimarratuta daudenen gainetik esanahia ikusteko):
- ahotik kakatan bota
- ardiari kaka bezala elea heldu
- atzazalpeko kaka ere ez eman
- bai, kaka!
- bai karamelu ez kakatza lotu
- bi kakite beharrean egon
- eta kaka
- euli-kaka
- hara urrea kakaren neskame!
- ipurdi batetik kaka egin
- jan kaka!
- kaka …(-ri)!
- kaka agertu
- kaka atera
- kaka ateratzeko moduan
- kaka baino errazago
- kaka bat egin
- kaka bezain merke
- kaka burutik behera egin
- kaka dariola egon
- kaka egin
- kaka egina
- kaka egin eta bere adi
- kaka egitea egon
- kaka eman
- kaka ere izan ez eta mokordoa dela uste izan
- kaka esplikatu
- kaka jan
- kaka mehea egin
- kaka mindu
- (kaka) mokordo
- kaka morralean
- kaka nahastu
- kaka zirindu
- kaka (bat) zuretzat!
- kakaberatu
- kakadun pilota
- kakaginean: Defekatzen.
- kakaginera
- kakagizon
- kakalarri
- kaka-loratu
- kakamutil
- kaka-nahaste
- kakandre
- kakapirri
- kakaputz
- kakarekin aurpegian jo
- kaka-saltsa
- kakatara
- kakatsu
- kakatu
- kakaturik
- kakatzat!
- kaka-ume
- kakazotz!
- kakazotz egin
- kakaztu
- kakazulo
- kakerre
- leher kaka egin
- nork bere puzkerrari Don Fernando, eta besterenari kaka-mokordo
- on hutsa, kakutsa
- pilotak kaka eduki
- puzkerra ontzat eduki baina kaka nahi ez
- txori-kaka
Horietatik zenbat dakizkizu? Ezagutzen al dituzu zerrenda horretan agertzen ez diren espresio gehiago? Anima zaitez eta egin zeure ekarpena!
JIJAUA
Kaka osti bat hiretzat!
0 iruzkin “Kakaren historian barrena (eta III)” sarreran
1 Pingak/Trackbackak "Kakaren historian barrena (eta III)" sarrerarako
[…] oraindik gelditzen zaigunez kaka ematen segitzeko materia eta gogoa, hurrengo artikuluan erakutsiko dizuegu zer-nolako ekarpen mamitsua egiten dion kaka hitzak gaurko euskara […]