Kakaren historian barrena (II)

Kaka-aspertua

 

Kaka eta kaka egin hitzek presentzia oparoa izan dute XX. mendeko ahozko jardunean. Aldi berean, sinonimo asko erabili dira haien ordez, ziurrenik ez zirelako guztien belarrien gozagarri izango. Baina askok zakartasun bizi hori maite izan dute, eta hamaika atsotitz, kanta eta abar sortu dira kakaren plastizitate sinpatiko bezain zikin hori baliatuta.

 

Aurreko artikuluan hizpide izan genuen kaka hitzak euskara batua sortu aurreko aroan izandako idatzizko ibilbidea, lehen agerpenetatik hasi eta XX. mendera arte. Oraingoan, berriz, hitz horren ahozko erabileraren adibideak bildu ditugu.

Zehazki, XX. mendeko euskara mintzatua izango dugu jokalekua, orduan jaiotako euskaldunen –bereziki lehen mendi erdian sortutakoen– hizkuntzan oraindik baitzeuden bizirik lehengo euskararen hainbat baliabide espresibo eta erregistro-maila, nahiz eta gizaldi  hartan jadanik galbidean zihoazen, euskaldun elebakarrekin batera.

 

Euskalkiz euskalki

Gure lehen iturria Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, euskaldunen XX. mendeko ahozko ondarea ondoen biltzen duten proiektuetako bat. Hor ere badu bere tokia aztergai dugun eleñoak:

Kaka egin Atlasean

«Uzkitik digestio-hondakinak kanporatzea» nola izendatzen den galdetuta, kaka egin da erantzun ia erabatekoa. Dena dela, esapide horrekin batera, forma eufemistikoak eman zituzten elkarrizketatuek hainbatetan, seinale ez zela ororen ustez edozeinen aurrean eta zeinahi egoeratan erabiltzeko moduko esapidea:

  • obratu
  • libratu
  • (egin)beharrak egin
  • beharruneak egin
  • gorputzetik egin/atera
  • komunera joan
  • prakak bajatu
  • galtzak askatu/laxatu
  • azpiak atera
  • behartu
  • nagusiak egin
  • simaurra egin
  • postan letera bat ezarri

Hona mapan agertzen ez diren beste batzuk: sabela hustu, eginkariak egin, komuneko lanak egin, behartxoa egin.

Horren ildotik, artikulu honetan, Txiliku zarauztarrak kontatzen du nola garai batean sendagileak «obramenduekin nola gabiltza?» galdetuko zion pazienteari (lehen pertsonako aditz plural inklusiboa eta guzti), komunera ondo edo txarto joaten zen jakiteko. Badirudi, beraz, ez dela izan medikuaren aurrean erabiltzeko moduko hitza, baina bazegoen makinatxo bat alternatiba gero!

 

Esaerak eta kantak

Auspoa bildumatik ere zenbait adibide jakingarri bildu ditugu:

  • Esaera zaharrak

Esaera zaarren bilduma berria I-II (Auspoa 184-185)

    • Astean maiz eder, jaian kakatsu.
    • Birigarroak lizarrean, kaka zure bizkarrean.
    • Pikuak jan eta kaka egin.
    • «Kaka banaiz» esanez, eta putza izan ez.
    • Kanpo eder, etxe kakatsu.
    • Kostaduan jarri orduko kakalarri, horrelako gizonak ez du irabaziko sarri.
    • Langile txarra kakalarria sarri; urrutira joan eta nekez etorri.
    • Langile txarrak, kaka luze.
    • Oilo-kakak, ondo igurtzita ere kaka-hautsak.
    • Oilo-kakaz ezpainik ez belztu; urteak berez gizonduko zaitu.
    • Umea egin zuen, kaka egin zuen.
    • Urak basaz, aingirak kakaz.
    • Uzkerra ezkontzen hasi eta kakagaz parra.
    • Zor zaharra, kaka zaharra, beti usain txarra.

Atsotitzok, ziurrenik lehenagokoak izango ziren arren, XX. mendean jaso ziren. Hona beste bi, beste iturri batzuetatikoak:

    • Ai marti, marti, kakazu, narruak lepoan eta arranak kolkoan. (Ahotsak.eus)
    • Beti beharrean eta kaka morralean. (Eibar, hainbat iturri)
  • kantak

Zeberioko kantak (Auspoa 259)

    • Katalin

Katalin, Katalin,
katillu zaarrean kaka egin;
katillu barrian gorroa,
Katalin birigarroa.

    • Errotari, molinero

Errotari, molinero,
zaia jan da putza bero.
Putza jo ta mendi gora,
kaka saltzen Durangora.

    • Santa Ageda eskariak

(Limosnarik ematen ez duenari:)

Erbia dago azatzan,
erbikumea babatzan;
etxe onetako uzaba jauna
samarañoko kakatzan.

 

Ahots bizien testigantza

Ahotsak proiektuaren grabazioetan ere aurkitu ditugu hainbat agerpen mamitsu:

  • Umeen kantak

Kaka zuretako eta kaka neretako
Gauza biharra da ta mundu guztirako
Aberats jende hoiek ezin dute egin
Egitten dutena ere gutxi eta ziriñ
Jango baldin balute baba eta artua
Egingo lukete bai mokordo bapua

Ohart zaitezte aurreko artikuluan ikusi genuen Bertso berri batzubek nai nituzke kanta bertso berritik moldatutako abestia dela goikoa.

(Norbaitek kaka egin duela salatzeko:)

    • Libiri ta labore
      nun da ganauzaiñe
      hor goiko estra arruen
      kaka in ezindde
      kaka in ezindde
    • Lai labero,
      dibiri txa labero,
      nun da ganau zaiñe?
      Ganaue laboretan
      da eperra kantetan,
      usue landetan

      Urliak kaka fraketan!
    • Maringo landetan
      kukua/xoxua kantetan
      Maringo/hemengo neskatillatxuak/mutikotxuak
      kaka fraketan
  • Bestelakoak

(“Atsoa” deitzen dizunari erantzuteko modu bat:)

―Atsoa, atsoa!
—Zuretzat nire kaka moltsoa!

 

Amaitzeko, igarkizun batzuk, Azkuek bilduak:

    • Zulo eta zulo eta hemeretzi kakazulo, guztiak kakaz beteak.
      Hor zulo, hemen zulo, hemeretzi kakazulo.

      Zulo eta zulo, hamar mila kakazulo.
    • Jan eta jan eta kakarik ez, ipurdia bai eta zulorik ez.
    • Jaun bat beti kaka egiten ari.

 

Eta oraindik gelditzen zaigunez kaka ematen segitzeko materia eta gogoa, hurrengo artikuluan erakutsiko dizuegu zer-nolako ekarpen mamitsua egiten dion kaka hitzak gaurko euskara kolokialari.

JIJAUA
Kaka osti bat hiretzat!

 

 

Bonus track

 

 

 

0 iruzkin “Kakaren historian barrena (II)” sarreran

2 Pingak/Trackbackak "Kakaren historian barrena (II)" sarrerarako

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude